Psikiatria eta Osasun Mentaleko Espainiako Elkarteak (SEPSM) Espainiako Psikiatriaren Liburu Zuria aurkeztu zuen, joan den ekainaren 7an. Manuel Martín Carrasco doktoreak, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarioen zuzendari medikoak eta sozietate zientifikoko lehendakariak osasun mentalaren eta horren profesionalen egungo egoera azaldu zuen.
Liburu Zuriak emandako datuek adierazten dute Espainian psikiatrak falta direla: sare publikoan, 9 psikiatra 100.000 biztanleko (Portugalen 14, eta, adibidez, Danimarkan, Erresuma Batuan eta Irlandan, 19). Egoera hori larriagotu egingo da datorren bosturtekoan aurreikusten diren erretiroen kopurua kontuan hartuta. «Pandemiak arretaren eskaria handitzea ekarri du, justu psikiatra talde bat erretiroa hartzeko puntuan zegoenean», adierazi zuen Manuel Martín.
Aurkezpen ekitaldian, halaber, agerian geratu zen inbertsio handiagoa behar dela zerbitzua hobetzeko, baita autonomia erkidegoen artean arreta mentalaren inguruan dauden desorekak ere. Horrez gain, Martín Carrascok biztanleriaren zahartzea eta haien premia espezifikoak azpimarratu zituen, eta adinekoen osasun mentala eta eragin diezaieketen arriskuak artatzeko, hala nola bakardadea, zentro eta prestakuntza programa espezifikorik ez dagoela ere adierazi zuen. «Dementziak bakardadearekin lotzen dira, eta, gizakia izaki soziala den heinean, interakziorik eta estimulurik ez izatea oso lazgarria da», adierazi zuen gure doktoreak.