Logo Ahizpa Ospitalariak Aita Menni

Aita Menni Berriak

Saria

Anesvadek sor “Inca” Gonzalez saritu du Liberian misiolari emandako 30 urteengatik

Sor Encarnacion Gonzalezek Anesvad Fundazioaren saria jaso du.

Liberiako osasun zentroa Aita Menni Ospitalearekin senidetuta dago, eta, kanpo kontsulta eta medikuntza orokorreko zerbitzuak emateaz gain, gaixotasun mentala duten emakumeentzako errehabilitazio programa bat garatzen du, Gipuzkoako zentroarekin lankidetzan. Bi ekimenetan zeregin erabakigarria izan du ahizpa Encarnacionek –”Sister Inca”, Afrikako herrialdean ezagutzen zuten bezala–.

Aitortza hori Anesvadek elkartasunaren eta lankidetzaren HEALLTH sarien VIII. Edizioaren esparruan ematen dituen hiruretako bat da, eta atzo Bilboko Guggenheim Museoan egindako galan eman zioten misiolariari. Bertan, Incaren ondoan izan ziren sor Isabel Martinez Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen nagusia, Mikel Tellaeche zuzendari gerentea eta Euskal Herriko gure familia ospitalarioko beste hainbat kide, baita Burgostik etorritako lekaimearen senideak ere.

Ekitaldian, beste ordezkari batzuen artean, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Miren Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Paul Etcheberry exekutibo autonomoko Lankidetza zuzendaria ere izan ziren.

Errekonozimendua eskertzeaz gain, saria jaso ondoren egindako hitzaldian, sor Incak oso hunkituta gogoratu zituen Liberian bizitako une latzak –gerrak, ebola…–, baina baita han egiten den lan solidarioaren balioa ere, eta, bereziki, gaixotasun mentala duten emakumeekin egiten dena, Ahizpa Ospitalarioen We Are Like You ekimenaren bidez.

Liberiako misio ospitalarioari eskainitako bizitza

Sor Incak ia bizitza osoa eman du Liberiako herritarrei laguntzen eta haiekin lankidetzan, eta zeregin erabakigarria izan du Afrika mendebaldeko kostan dagoen herrialde horretako herritarrei osasun zerbitzuak emateari dagokionez.

1949an jaioa, 1967an Ingalaterrara destinatu zuten, eta han egin zituen betiko botoak erlijioso gisa, 1974an. 1988tik 1992ra bitartean Filipinetan destinatuta egon zen, eta, Ingalaterrara itzuli ondoren, Liberian 1992ko irailaren 21ean hasi zuen misioa.

Ahizpa Ospitalarioen lehen Komunitatea Virginian kokatu zen, 1966an, eta poliomielitisa zuten haurrak artatzen zituzten lau ahizpak osatzen zuten. 1989an, Ahizpek beren kokalekua Pipelinera lekualdatzea erabaki zuten, Monrovia kanpoaldean dagoen auzo batera, Virginia inguruko segurtasun faltagatik, biztanle kopuru txikiagatik eta haurrak operatzeko ospitaleetara dagoen distantziagatik.

1989an eraiki zen Pipelinen Klinika berria, eta arazo ortopedikoak dituzten haurrak errehabilitatzeko pabiloi bat ere altxatu zen, horietako asko poliomielitisaren sekuelekin.

Klinika, amaetxea ere bazuena, laster bihurtu zen Pipelineko komunitatearen erreferentziazko zentro anbulatorioa, eta hala da gaur egun ere.

Errehabilitazio zentroak hainbat ospitaletan operatutako haurrak jasotzen zituen, eta protesi tailerra ere bazuen, zentroaren espezializazio maila Liberiako aurreratuenetako bat zela erakutsiz.

Sor Inca, en su discurso de agradecimiento

Inca 1992ko irailaren 21ean iritsi zen Liberiara, Liberiako lehen gerra zibilaren erdian. Hilabete geroago, Charles Taylorren tropa matxinoek Monrovia inguratu zuten, hiriburuaren azken erasoan. Ahizpek zentrotik irten behar izan zuten haur guztiekin, eta San Joan Jainkoarenaren Anaien San Jose Ospitale Katolikoan babestu.

Ospitaletik, ahizpa Incak behin baino gehiagotan egin zuen Osasun Zentrotik 15 kilometrora zegoen bidea, zer egoeratan zegoen egiaztatzeko, harik eta soldaduek nola okupatu eta arpilatzen zuten ikusi zuen arte.

Gerra gaiztotu zenean, beste ahizpa batekin batera, Ghanara erbesteratu ziren azaroaren 29an, herrialdera iritsi eta bi hilabetera. Sei hilabete geroago itzuliko zen, 1993ko maiatzean, baina gerra gatazka 1996ra arte luzatu zen. Gerren bigarren aldia 1998an hasi zen, eta 2003ko urrira arte ez zen amaituko. Aldi horretan, 1998an berriro atera behar izan zuen herrialdetik, lau hilabetez, eta gerra amaitutakoan Ghanara aldatu zuten, 2003ko urrian.

Ahizpa Inca 2007an itzuli zen azkenean Liberiara, ikaraz eta bizi izandako izugarriengatik mesfidantzaz betetako gerra osteko garaian. Herrialdean 200.000 eta 250.000 lagun artean hil zirela kalkulatzen da, eta milioi batek baino gehiagok Liberia utzi behar izan zuten errefuxiatu gisa.

Ebolaren epidemia

Herrialdea bere amesgaiztorik txarrenak ahazten ari zela ematen zuenean, 2014ko martxoan, ezagutu den ebola izurriterik okerrena iritsi zen. Liberia izan zen heriotza kopuruagatik kalterik handiena izan zuen nazioa, eta izurriteak agerian utzi zuen herrialdearen hauskortasun estrukturala; osasun etxe guztiak itxi egin ziren lau hilabetez.

Inca ekainean abiatu zen Espainiara, eta uztailerako mugak itxita zeuden. 2014ko abenduaren 1ean itzuliko zen, osasun zentroa berriro irekitzeko misioarekin, bizia beste behin arriskuan jarriz, aurretik gerra garaietan egin zuen bezala. Klinika berriro irekitzeko, instalazioak egokitu behar izan ziren, triaje gune berri bat eta ebola kasu posibleetarako isolamendu eremu bat eraikiz.

Liberia 2016ko ekainean deklaratu zuten ebolarik gabeko eremu, eta 2017an, poliomielitisaren sekuelak zituzten haurrentzat erabili zen baina dagoeneko erabiltzen ez zen pabiloia eraberritzea lortu ondoren, Inca Gonzalezek gaixotasun mentala zuten emakumeentzako unitate espezifiko bat irekitzea gidatu zuen.

Ahizpa Ospitalarioen jatorrizko misioa, 1881etik gaixotasun mentala duten emakumeak artatzea, Liberiara iritsi zen, lazeria eta tragedia askoren ondoren, Kongregazioaren karisma ospitalarioarekin bat eginda.

Inca Liberian izan den 30 urteetan, zentroaren administratzailea izan da, erantzukizun konplexua eta nekeza hartuta bere gain, gerra garaietan zentro asistentzial bat aurrera ateratzeko zailtasunagatik, dauden muga eta gabeziekin, eta pazienteak zaintzeko hornidurak lortzeak zekarren arrisku pertsonalarekin.

Premiadas, autoridades e integrantes de Anesvad, en el acto del Museo Guggenheim

Ahizpa Inca funtsezko zutabea izan da urruneko kokalekutan zentro medikoak sortzeko eta horiei eusteko. Tokiko langileak prestatzea ahalbidetu du, eskualdeko arreta medikoko zerbitzuen kalitatea hobetze aldera, eta ahalegin nekaezinak eta dedikazio fidela izateak Liberiako osasun profesionalen, komunitate erlijiosoaren eta biztanleen errespetua, maitasuna eta miresmena ekarri diote.

Afrikan 30 urtez zerbitzatu ondoren, 2022ko martxoaren 29an, Sister Incak Saint Benedict Menniko ahizpa eta langileen agur maitagarria jaso zuen eta Espainiarantz abiatu zen. Ahizpak kontatzen duen bezala, Afrika “maitasunez eta kolorez betetako leku bat” izan da, inoiz ez duena memoriatik ezabatuko. Zeukan misioa beteta, ziur dago bere mezuaren eta lanaren oihartzuna entzuten jarraituko dela beldurrik gabe maitatzen eta benetan garrantzitsua denarekin zoriontsu izaten ikasi zuen lekuan.

Bideoak